Sala de Prensa

20/04/2015

“Javier De Andresek euskararen inguruan egindako adierazpenek argi erakusten dute ez duela Arabako gizartea batere ezagutzen”

Arabako diputatu nagusia izateko EAJ-PNVren hautagaiak, Ramiro Gonzalezek, Araba “ireki eta integratzailea" defendatu du, "guztiontzako lekua eskaintzen duena", eta "euskara arma modura ez erabiltzeko" eskatu du

rss Ezagutzera eman
 “Javier De Andresek euskararen inguruan egindako adierazpenek argi erakusten dute ez duela Arabako gizartea batere ezagutzen”

DESCARGAR IMAGEN

  • Ramiro González en rueda de prensa actualidad política - euskara (1)
    20/04/2015

    DESCARGAR ARCHIVO

Alderdi Popularrak jeltzaleek euskararen alde egindako lanaren aurka egindako adierazpenei erantzun die Ramiro Gonzalezek, Arabako diputatu nagusia izateko EAJ-PNVren hautagaiak. Alderdi Popularraren esanetan, Arabak bazterkeria jasan izan du euskararen harira. “Javier De Andresek euskararen inguruan egindako adierazpenek argi erakusten dute ez duela Arabako gizartea batere ezagutzen. Ezin dugu onartu Alderdi Popularrak boterea galtzeko duen beldurrak Arabako gizartea tentsioan jartzea. PPk lasterketa zoro bati ekin dio Ciudadanos alderdiari hauteslerik antijeltzaleenaren postua kentzeko. Hala ere, Arabako gizarteak ez du liskarrik nahi eta modu baketsuan bizi nahi du; gizarte ireki, integratzaile eta anitza da”, azpimarratu du. 

PPk jeltzaleek hizkuntzaren arloan egindako lanarengatik egindako irainek eta izengoitiek eragin duten ezinegona azaleratu ondoren, Ramiro Gonzalezek De Andresek eta Oyarzabalek erabilitako argudioak gezurtatu ditu, kritikak justifikatzeko. “De Andresen esanetan, hainbat belaunalditako arabarrak baztertuak izan dira herri administrazioen lanpostuetatik eta Eusko Jaurlaritzan duten presentzia lekukotasunezkoa da, euskaraz jakitea eskatzen delako. Bada, 2000. urteko lan-eskaintza publikoetan parte hartu zuten pertsonen % 30 arabarrak ziren. Hamarkada bat beranduago lan-eskaintza berdina egin zenean, % 36 izan ziren", jakinarazi du, ehuneko horietan “Arabako biztanleak Euskadiko biztanleen % 14,7 baino ez direla kontuan hartu behar dela" gogoraraziz. 

Jarraian, hautagai jeltzaleak 2014-2015 ikasturtean A, B eta D ereduetan izandako matrikulazioari buruzko datuak azaldu ditu. “Gaztelania hutseko hizkuntza-aukera hautatu dutenak % 3,38 izan dira Haur Hezkuntzan, % 5,84 Lehen Hezkuntzan eta % 21,55 Bigarren Hezkuntzan. Era berean, unibertsitatera sartzeko froga euskaraz egiten da kasuen % 60an", adierazi du, eta gehitu du “argi dagoela euskara hizkuntza bizia dela, asko maite duguna eta arabar asko ezagutzen eta erabiltzen saiatzen ari garena”, gailendu du. 

Ramiro Gonzalezek emandako azkeneko azalpenetako bat 2014-2017rako Euskara Zerbitzuaren Plan Estrategikoaren harira izan da, duela sei hilabete eskas onetsi zena. “Plan horretan bildutakoak ez du zerikusirik De Andresek mahai gainean jarritako planteamenduekin”, bermatu du Ramiro Gonzalezek. Segituan, PPk onetsitako azken plan horren helburuen artean ondorengoak daudela gehitu du: herri administrazioan bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aritzeko eskubidea bermatzea, jarrera eta hizkuntzaren erabilera alderdikoiak ekiditea eta baztertzea, eta euskararen normalizazioa lortzeko aurrera pausuak ematea, maila pertsonal, sozial eta ofizialean. 

Agerraldi horren ostean, "Araban denok dugula lekua" azpimarratu du Ramiro Gonzalezek. “Arabarrek ez dute merezi arma politiko modura erabiltzea. Nire hitza ematen dut ez ditudala inoiz horrela erabiliko. Arabako gizartearen esfortzuak emaitza handiak izan ditu hizkuntzaren normalizazioan, eta etorkizunean ere horrela izango da".  

Amaitzeko, diputatu nagusia izateko hautagai jeltzaleak berriro esan du “axolagabekeria hutsa dela diputatu nagusiak euskara liskar politikorako arma modura erabiltzea. De Andres jauna, hemen eta orain eskatzen dizugu euskara borroka hauetatik kanpo uzteko. Koldo Mitxelenak esaten zuen legez: euskara ahulegia da, arma modura erabiltzeko”, bukatu du.

  Noticias más vistas...